A20 2015 – Generoa = Maskulinoa.- Gure Gonbidatuak Jasone Aretxabaleta

Gure Gonbidatuak
JASONE ARETXABALETA.-
Etxekoandrea eta kazetaria

Abenduaren 21eko egunkarietako azalak ikusi ze besterik ez dago, bezperako hauteskunde orokorretan emakumeek izan duten presentzia urriaz konturatzeko. Ez dut esan nahi alderdi politikoek parekidetasun legea bete ez dutenik, ziur txikienetik hasi eta handienera, guzti guztiek izan dutela emakume eta gizon kopuru bera. Baina zenbatek jarri dute emakume bat Espainiako presidente izateko hautagai?

Hauteskunde kanpaina hasi aurretik bururatu zitzaidan galdera hori eta, jakinminez, alderdi guztietako zerrenda guztiak errepasatzeari ekin nion (Kongresurako 625 zerrenda, Senaturako 670). Emaitzak ez dira harrigarriak, ezta gutxiagorik ere, espero zitekeena: Kongresurako zerrenda guztien artean %33k baino ez dauka emakume bat zerrenda-buru; Senaturako zerrendetan berriz, %37k.

Emakume zerrenda-buru gehien eta gutxien dituzten Autonomi Erkidegoak eta probintziak zeintzuk diren galdetuz gero, ziur inork ez lukeela asmatuko, ezta nik neuk ere, aurreiritzi eta topikoen eraginez, zalantza barik.

Espainiako Autonomi Erkidego bakar baten dira emakumeak nagusi, zerrenden %52an buru, Galizian hain zuzen ere; eta hurrengoa Asturias da, %46arekin. Probintziaka begiratuz gero Pontevedra (%65), Toledo (%60) eta Teruel, Ourense eta Lugo (%55) daude beste guztien gainetik.

Gatozen orain, emakume zerrenda-buru gutxien dituzten Autonomi Erkidegoetara: Katalunia da lehen postuan, %24arekin, eta bigarren tokian berriz Errioxa, %25arekin. Probintziaka, Sevillak (%16) eta Lleidak eta Bartzelonak (%17) partekatzen dute, emakume zerrenda-buru gutxien izatearen ohorea.

Eta Euskadin zer? Batez bestekoa baino pixkatxo bat hobeto, baina ez harro sentitzeko beste: hemen aurkeztutako zerrenda guztien %38tan baino ez dago emakume bat buruan. Nafarroan berriz, gutxiago, %29.

Datu hauen irakurketatik ondorioztutatu dudana:

- Alderdi politikoak erabat "maskulinoak" direla, batez ere gobernatzeko aukerak dituztenak, berdin dio ezker, eskuma, zentro edo albokoak izan.

- Aurrerapen eta modernitate eredutzat ditugun lurraldeak, parekidetasun arloan atzeratuenak direla.

- Eta lan handia egin beharra dugula, emakumeok politikan ere tokatzen zaigun eta merezi dugun tokia hartzeko.

No Comments Yet.

Leave a comment