AED BIZKAIAK EMAKUMEEN LIDERGOA ALDARRIKATZEN DU TOKIKO MERKATARITZAREN ETORKIZUNA ALDATZEKO ORDUAN
AEDk Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailarekin lankidetzan sustatutako Bizkaiko Tokiko Merkataritzako Emakume Liderrak programaren barruan egin da topaketa, eta profesionalizazioan, digitalizazioan eta lankidetzan jarri du arreta, merkataritzaren etorkizuna bultzatzeko gako gisa.
Bilbon, 2026ko urriaren 23an.- Bizkaiko Emakumezko Enpresari eta Zuzendarien Elkarteak (AED Bizkaia) AED Bizkaia Merkataritza Foroaren hirugarren edizioa antolatu du. Bilboko Carlton Hotelean egin da topaketa, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailarekin lankidetzan garatutako Bizkaiko Tokiko Merkataritzako Emakume Liderrak programaren barruan.
AED Bizkaiako presidentea den Isabel Iturbe buru duela, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko diputatu Ainara Basurkok ireki du foroa, eta programaren emaitzak aurkeztu ditu. Programaren helburua da Bizkaiko retail sektoreko emakumezko enpresaburuei laguntzea eta beren negozioen kudeaketa indartzeko, jarraipena bermatzeko eta belaunaldi berrientzat erakargarri egiteko tresnak eskaintzea.
Hitzaldian, Basurkok emakume enpresariei bilakaera profesionalean eta lidergo-gaitasunen garapenean laguntzearen balioa nabarmendu du. «Programa honen bitartez, lidergorako dinamismoa bultzatu duten eta bultzatzen duten emakumeei lagundu nahi diegu. Negozioak ulertzeko eta zuzentzeko modua aldatzen lagundu die programak, beste emakume enpresari batzuekin laguntza-sareak sortuz. Emaitzak agerian uzten dituzte ezarritako aldaketa-prozesuek, eskuratutako tresna digital berriek, sortutako lanpostuek eta negozioen fakturazioaren igoerak. Funtsezkoa da gizarteak haiek balioestea eta aintzat hartzea. Emakumeen talenturik gabe ez dago eraldaketarik», adierazi zuen Ainara Basurkok.
Tokiko merkataritza, Bizkaiko ekonomiaren eta gizartearen eragile
Topaketak tokiko merkataritzaren garrantzia nabarmendu du, udalerrien bizitasunerako, enplegua sortzeko eta gizarte-kohesiorako funtsezko elementu gisa. Dimentsio ekonomikotik harago, hurbileko merkataritzak kaleei bizia ematen, pertsonen arteko loturak sendotzen eta hiri-ingurune dinamiko eta jasangarriagoetarantz aurrera egiten laguntzen du.
Horren harira, Isabel Iturbek azpimarratu du tokiko merkataritzak «bizia ematen diela gure kaleei, enplegua sortzen duela, komunitatea eratzen duela eta udalerri dinamikoagoak, hurbilagoak eta jasangarriagoak eraikitzen laguntzen duela». Hainbat emakume enpresaburuk, zuzendarik eta sektoreko profesionalek parte hartu dute Bizkaiko retailaren erronkei eta lehiakortasuna indartzeko aukerei buruzko hausnarketa- eta eztabaida-gune batean. Jardunaldian, enpresek, administrazio publikoek, merkatarien elkarteek, negozioen buru diren pertsonek eta kontsumitzaileek beraiek merkataritza-eredu sendo bat eraikitzeko bete behar duten eginkizuna aztertu da, behar berrietara egokitua eta ingurunearekin konektatua egongo dena.
«Gure saltokien etorkizuna gure hirien etorkizuna ere badelako. Izan ere, saltoki bat hazten denean bere jarduera garatzen duen udalerria indartzen ere laguntzen du», esan du Ainara Basurkok.
Etorkizun digitalago, profesionalago eta kolaboratiboago bat
AED Bizkaia Merkataritza Foroaren hirugarren edizioak tokiko merkataritzaren bilakaera aztertzeko eta haren garapenari buruzko ikuspegi berriak sustatzeko topagune gisa finkatu du gune hori. Oraingoan, formatu parte-hartzaileago baten alde egin du jardunaldiak. Roberto Forcén kazetaria izan da moderatzailea.
Topaketaren hausnarketa nagusien artean dago merkataritzaren etorkizuna ez dela iraganeko ereduak errepikatzea, baizik eta eboluzionatzea, berritzea eta eraldatzen ari den ingurune batera egokitzea.
AED Bizkaiak azpimarratu du etorkizuneko merkataritza digitalagoa, profesionalizatuagoa, espezializatuagoa eta kolaboratiboagoa izango dela seguruenik. Hala ere, plataforma digitalek ordezka ezin dezaketen horretan jarraituko du bere balio diferentzialak: kale eta auzoetan duen presentzia, pertsonekiko konexioa eta komunitatea sortzeko duen gaitasuna.
Tokiko merkataritzaren eraldaketak, beraz, erantzun partekatua eskatzen du: enpresaburuek, erakundeek, elkarteek eta herritarrek sektore lehiakor, jasangarri eta datozen belaunaldietarako prestatua eraikitzen modu aktiboan lagunduko dezaten.
Tokiko merkataritzaren etorkizuna erantzukizun partekatua da. Eraldaketa horretan, emakumeen lidergoa, enpresa-talentua eta lankidetza funtsezkoak izango dira Bizkaiko merkataritza- eta ekonomia-sarea indartzeko.


